ALBISTEAK

2014-04-11

Egubakoitza eta domekan partiduak jokatuko dira Uarkapen

Azken jardunaldian garaipenen alde egin zuen balantzak Arrasate Pilota Taldeko mutilentzat. Asteburu honetan, 13 norgehiagoka jokatuko dituzte eta hauetatik 7 etxean izango dira.


Pilota jardunaldi berri bati ekingo dio Arrasate Pilota Taldeak bihar, egubakoitza. Gainera, domeka bitartean, 13 norgehiagoka izango dituzte pilotari arrasatearrek eta hauetatik 7 etxean, Uarkape pilotalekuan, jokatuko dira. Hortaz, pilotazaleek etxeko jokalariekin gozatzeko aukera izango dute beste asteburu batez. 

Lehenengo, baina, joan den jardunaldiari erreparatuko diogu. Izan ere, pasa den asteburuan Udaberri torneoak lehenengo partiduekin ekin zion eta bertan dira arrasatearrak, emaitza onak lortzeko gogoz. Torneo honetan, alebin eta infantil kategoriatako pilotariak binakako modalitatean lehiatuko dira eta kadete, jubenil eta seniorrek, ostera, lau t´erdiaren barruan jokatuko dute. Bestalde, gogoan izan, Ander Murua Arrasate Pilota Taldeko pilotari gaztea, talentuen torneorako aukeratua izan dela, Gipuzkoako 10 pilotari nabarmenen artean, alegia. 

8 garaipen eta 5 porrot azken jardunaldian


Azken jardunaldian, garaipenen aldera egin zuen balantzak arrasatearrentzat. Izan ere, 8 garaipen eta 5 porrot lortu zituzten gure pilotariek. Perez de Albeniz eta Zubizarretak 16-3 galdu zuten Oiartzungo pilotarien kontra eta, Elkorobarrutiak eta Iraolak, beste hainbeste egin zuten, Goierri-1 taldeko pilotarien kontra 3-16 galduz. Iturriotz eta Beitia infantilek, ostera, 12-18ko garaipena erdietsi zuten Zizurkilgo pilotarien kontra eta, Etxezarretak eta Llodiok ere 3-18 nagusitu ziren aretxabaletarren aurka. Muruak, bestalde, 3-18 galdu zuen Usurbilgo Arangurenekin. 

Moron kadeteak kale egin zuen azken jardunaldian lesioagatik, baina Ceceagak 9-22 irabazi zuen Otermin bergararraren kontra. Bengoak, ostera, 8-22 galdu zuen Soraluzeko Larrañagarekin eta Iturriotz 22-4ko garaipena erdietsi zuen Lazkaoko Ruiz de Gaunaren aurka. Jubeniletan, Egiak 21-22eko garaipena lortu zuen Lezoko Hernandezekin indarrak neurtuta eta Garate, bide berdinetik, 22-8 nagusitu zen Zestoako Aranberrirekin lehian. Zuazua juniorra ere garaile irten zen Oñatiko Uriarterekin jokatutako partiduan eta bukatzeko, Lazkanok 22-19 irabazi zion Imaz urretxuarrari. 


Uarkapen, egubakoitza eta domekan jokatuko dira partiduak


Lehenago aurreratu moduan, 13 norgehiagoka jokatuko dituzte jardunaldi honetan Arrasate Pilota Taldekoek eta hauetatik 7 Uarkapen izango dira. Jardunaldiak bihar, egubakoitza, ekingo dio eta pilotazaleek arratsaldeko 20:15etatik aurrera izango dute etxeko pilotarien partiduez gozatzeko aukera. Bertan, Etxezarreta eta Llodiok Idiazabalgo pilotariak jasoko dituzte Uarkape pilotalekuan eta jarraian, Moron irtengo da kantxara Zestoako Odriozolaren kontra jokatzeko. Azken partidua Zuazuak jokatuko du Txorens zegamarraren kontra. 

Domekan, pilota norgehiagokak itzuliko dira Uarkapera eta goizeko 10:30etatik izango dira partiduak. Perez de Albeniz eta Zubizarretak pilotari urretxuarren aurka izango dute partidua; Iturriotz eta Beitia infantilek, ostera, Bergarako pilotarien kontra izango dute hitzordua. Jarraian, Ceceagak Alegiako Arrutiren kontra neurtuko ditu indarrak eta jardunaldia ixteko, Egiak Zegamako Azumendirekin izango du partidua. Gainontzeko partiduak kanpoan jokatuko dituzte pilotari arrasatearrek. Besteak beste, Garatek Soraluzen izango du norgehiagoka eta Lazkano seniorrak Tolosara egingo du garaipenaren bila. 







2014-04-04

Azkenean, txapeldunorde geratu da Garate-Salegi bikotea Udaberri torneoan

Garateren lesioa erabakigarria izan zen Amezketan jokatutako finalean eta hala, arrasatearrak 5 tantotan geratu ziren. Dena dela ere, denboraldiak aurrera darrai eta hasi berria den Debarroko txapelketan jarriko dituzte ahalegin guztiak pilotari arrasatearrek.


Koldo Carrillo

Domekan hitzordu garrantzitsua izan zuen Arraste Pilota Taldeko Garate eta Salegi bikote gazteak. Udaberri torneoko finala jokatu zuten Amezketan bertako Zazpi Iturri klubeko pilotarien kontra, baina gauzak ez ziren batere ondo joan arrasatearrentzat. Izan ere, Joseba Garateren zoritxarreko lesioak arazo ugari eman zizkion norgehiagoka garrantzitsuan eta hala, Garate-Salegi bikoteak ez zuen 5 tantotatik pasatzerik izan. Hala, amezketarrak izendatu ziren Udaberriko torneoko txapeldunak 22-5 irabazi ostean. 
Dena dela ere, denboraldiak aurrera darrai Arrasate Pilota Taldearentzat eta orain hasi berri dute Debarroko txapelketa. Honen baitan, joan den jardunaldian Llodio eta Murua kadeteek Debako pilotarien kontra neurtu zituzten indarrak eta arrasatearrek 22-16 galdu zuten. Bestetik, Ceceaga eta Egiak pilotari elgoibartarrak izan zituzten arerio eta arrasatearrak 15-22 nagusitu ziren. 



Bihar, egubakoitza, ekingo dio jardunaldi berriak eta partidu ugari izango dira Uarkape pilotalekuan zein kanpoan. Guztira, federatuen 12 norgehiagoka izango dituzte Arrasate Pilota Taldekoek eta bestalde, zapatuan, Eskolarteko torneoaren 3. faseari emango diote hasiera Uakapen, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Bertan, benjamin eta alebin kategoriatako lehen urteko pilotariek hartuko dute parte. 

Pilotazaleek hainbat partidurekin gozatzeko aukera izango dute asteburu honetan Uarkape pilotalekuan. Bihar, egubakoitza, Iraola eta Elkorobarrutiak osatutako bikoteak Goierriko taldearen kontra neurtuko ditu indarrak, arratsaldeko 20:30etan. Jarraian, Arregik eskuz banakako partidua jokatuko du Goierriko Imazen kontra. Domekan jarraituko jardunaldiak Uarkapen eta goizeko 11:00etatik aurrera hiru partidu jokatuko dituzte arrasatearrek. Bengoak, Iturriotzek eta Garatek, hain zuzen ere, eskuz banakako norgehiagokak izango dituzte. 









2014-03-28

Salegi eta Garatek Udaberri torneoko finala jokatuko dute domekan Azkoitian

Txapelaren bila joango da bikote arrasatearra Azkoitiara. Pilotari amezketarrarekin lehiatuko dira domekan, goizeko 11:00etan. Bestalde, Ibai Bolinagak garaipena lortu zuen Mallabiako Biharko Izarrak txapelketan Santxorekin batera.

Koldo Carrillo
Salegi eta Garate pilotari bikoteak albiste onak dakarzkigu beste behin. Izan ere, joan den egubakoitzean, Udaberri torneoko finalaurreko partidua jokatu zuten Arrasate Pilota Taldekoek Olabarriako pilotalekuan. Ordiziako Txapagain klubeko bikotea izan zuten arerio arrasatearrek eta partidua oso lehiatua izan zen pilotazaleen gozamenerako. Norgehiagoka gogorra izan zuten lau pilotariek finalerako txartela lortzeko, baina azkenean, arrasatearrak izan ziren garaile, 17-22ko emaitzarekin. Hala, bikote arrasatearrak Udaberri torneoko finala jokatuko du domekan. Hitzordua Azkoitian izango dute, goizeko 11:00etan, Amezketako Zazpi Iturri taldeko pilotarien kontra. Klub arrasatearretik animoak luzatzen dizkiote Salegi-Garate bikoteari. 

Bien bitartean, Biharko Izarrak torneo prestigioduna jokatu zen Mallabian eta aurten ere, Ibai Bolinaga arrasatearrak hartzen du parte bertan. Santxo pilotaria dauka gazteak bikotekide eta azken jardunaldian, garaipena lortu zuten Elordi eta Urrozola pilotarien kontra. 22-19 nagusitu ziren Bolinaga eta Santxo. Hortaz, bide onetik doazela esan daiteke. 

Aste honetako jardunaldiari begira, Debarroko torneoaren hasiera izango da bereziki azpimarragarria. Arrasate Pilota Taldeak senior, jubenil eta kadete kategoriatan hartuko du parte talde banarekin. Zezeaga eta Egia pilotariek egubakoitzean hasiko dute torneoa Elgoibarren, iluntzeko 21:30etan. Murua eta Llodio pilotariek osatzen duten bikoteak ere egubakoitzean jokatuko du Debarroko torneoko norgehiagoka, baina hauek Deban izango dute hitzordua, arratsaldeko 19:30etan.

Bestetik, ohi moduan, egubakoitzean klubeko pilotari txikienen partidu politak jokatuko dira Uarkapen, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bertan, aurre-benjaminek, benjaminek eta alebinek jokatuko dute eta klub arrasatearrak pilotazaleak hurbiltzera animatzen ditu. 





2014-03-21

Garate-Salegi bikoteak finalaurreko partidua jokatuko du Olaberrian

Garitano-Narbaez zein Murua-Llodio bikoteek final-laurdenetako partiduak jokatu, baina ezin izan zuten aurrera egin azken jardunaldian. Garate-Salegi bikotea, ostera, onik irten zen final-laurdenetatik eta finalaurreko partidua izango du bihar Ordiziako pilotarien kontra.


Koldo Carrillo
Joan den asteburuan, 3 norgehiagoka jokatu zituzten Arrasate Pilota Taldeko jokalariek. Oxel Garitano eta Aratz Narbaezek, Debarroko txapelketako garaile izendatu ostean, Gipuzkoa mailan lehiatzera pasa ziren azken jardunaldian, baina ez zuten hasiera onik izan Loiolan. Arrasatearrek 4-1 galdu zuten Berastegiko taldearen kontra Gipuzkoako txapelketako final-laurdenetan. Arrasate Pilota Taldeko bikoteak arerio oso indartsuekin egin zuten topo kantxan eta ezer gutxi egin ahal izan zuten garaipena poltsikoratzeko. 

Bestalde, Murua eta Llodiok Azpeitian jokatu zuten final-laurdenetako partidua, baina hauek ere porrota jaso zuten 18-11 txapelketa irabazteko faboritoa den bikotearen kontra. Bukatzeko, Garate eta Salegi jubenilak izan ziren final-laurdeneko partidutik garaile irten zen bikote arrasatear bakarra. Mendean hartu zuten Bergarako bikotea 10-22ko emaitzarekin eta hala, bihar, egubakoitza, finalaurrekoa izango dute Olaberrian Ordiziako Txapagain klubeko bikotearen kontra. Moron-Ceceaga eta Garate-Salegi bikoteek Zaramagako torneoarekin izan zuten hitzordua joan den zapatuan. Jardunaldia ederto joan zitzaien pilotari arrasatearrei, izan ere, bi bikoteek erraz irabazi zieten beren aurkariei. 


Arrasate Pilota Taldeak jakinarazi duenez, datorren astean emango diote hasiera Debarroko txapelketari. Arrasateko klubak 3 talderekin hartuko du parte bertan; kadete, jubenil eta senior kategorietan talde arrasatear bana izango da pilotalekuan. Bukatzeko, bihar, egubakoitza, emozioz betetako pilota partiduak jokatuko dira Uarkapen, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Arrasateko klubetik bertaratzera animatzen dituzte pilotazaleak.




 2014-03-19


Angula kiloa Kontxi eta Luis Marirentzat; bisiguak Foruen tabernako koadrilarentzat

Aurten ere Eguren arraindegiak lagundu du zozketan, eta horregatik Pilota Taldeak eskerrak eman dizkio.




Gontzal Landa Herbias
Arrasate Pilota Taldeko zozketak baditu irabazleak: Luis Mari Ibarrondo eta Kontxi Orobengoarentzat izan da sari nagusia, kilo bat angula. Bigarren saria ere ez da nolanahikoa: Bisigu bi. Sari hau Pedro Arizmendiarrietaren koadrilarentzat izan da, hau da, Foruen tabernako koadrilarentzat.
Pilota Taldeko ordezkariek beste behin eskerrak eman dizkiote Gipuzko etorbideko Eguren arrandegiari, urtero ematen duen laguntzagatik. Zorionak irabazleei eta on egin!



No hay comentarios:

Publicar un comentario